Noticia15/03/2022

Bambuko surrandiak

Durangoko aratusteetako bereizgarri nagusia, Surrandien Konpartsa dela esan daiteke. Pertsonaia hauen nondik norakoa edo jatorriaren zehaztasunik ez dugun arren, funtsean badauka antzik beste inauteri batzuetan ikusten ditugun pertsonaien janzkera eta rolarekin: abarkak, arranak, animalia irudikatzeak eta batez ere, gehiegikeria basatiekin.

Durangoko pertsonaiak “Maskarita” edota “Surrandi” izenez ezagutzen ziren erabiltzen zituzten karetek zeukaten sudur handiagatik. Horixe zen euren bereizgarri nagusia. Oraindik bizirik diren durangarrek gogoratzen dutenez, herriko umeek kopla hau kantatuz tentatzen zituzten mozorrotuak: “Mascarita ya te conozco, por tu cara de morrosco”. Aitatutako karetaz gain, alkandora zuria, mahoizko praka urdinak, abarkak, galtzerdiak praka gainetik eta ikusleak astintzeko puxika edo txalekoek osotzen zuten Surrandien janzkera.

Manuel de Lekuonak honela deskribatu zituen Surrandien konpartsakoak:

Han ibiltzen dira kale guztietatik arineketan, abarkak oinetan eta artzain-galtza motzetan; atorraren hegalak airean eta arranak gerrian, eta aurpegian sudur itzel bat… bidean aurkitzen dituzten pertsona guztiak astintzen dituzte; eta korrika egiten dute, deabru gisa korrika egiten dute

Bambuko haurrak ere, herriko aratusteetan parte hartzeko kareta prestatu zuten, tradizioz betetako jai honetan parte hartzeko.