Noticia01/12/2023

1998-2023: 25 urteko konpromiso partekatua ospatzen dugu

Abando-Albiako Caritas Bizkaiako Edadetuei Lagun Egiteko Proiektua

Ez da erraza zeregin bat borondatez egiteko elkartzen diren pertsona talde batek 25 urte betetzea. Horregatik, Abando-Albiako Edadetuei Lagun Egiteko proiektua ospatzen ari gara eta zuekin partekatu nahi dugu.

Historia pixka bat:

1998an Caritasen talde bat eratu zen garai hartan “Abando-Albia” sektorea deitzen zen parrokietan edadetuekin lan egiteko. Izan ere, auzoan gero eta adineko pertsona gehiago zeudela eta haiei lagun egin ahal izan zitzaiela ikusi zen, bai etxeetan bai egoitza edo pisu komunitarioetan, inguru horretan ugari baitziren. Hasi zirenak konturatu ziren, besteak beste, zahartu ahala gure harremanak aldatuz doazela eta, zaintzen gaituzten pertsonak egon arren, beste pertsona batzuekin ere harremanak izateko beharra daukagula.

 

Horrela, deialdia egin zen inguruko parrokietan eta hurbildu zirenekin (haietariko baten batek oraindik ere boluntario jarraitzen du 25 urte geroago), taldea antolatzen eta prestakuntza jasotzen hasi zen eta, ondoren, eskatu zutenei lagun egiten.

Zer egiten dugu?:

Gaur egun hogei bat boluntariok osatzen dugu taldea, adin desberdinetako gizon eta emakumeok, eta beste hainbeste adinekori lagun egiten diegu, bai beren etxeetan bai egoitzetan, solasaldiak, paseoak, irakurketak, kaferen bat… partekatuz.

Lagun egitea aurrez aurre egiten da nagusiki, baina duela urte batzuk telefono bidez egiteko aukera ere badago.

Proiektuak eskaintzen duen laguntza egonkor eta antolatuarekin konfiantzazko loturak sortzen dira lagundutako pertsonaren eta boluntarioaren artean, eta, batzuetan, benetako adiskidetasuna sortzen da; izan ere, kasu batzuetan, bi pertsonen arteko harreman horrek urteetan iraun du, baita bizitzaren amaierara arte ere.

Proiektuak, LAGUN EGITEAZ gain, komunitatea eta gizartea, oro har, edadetuen errealitateari, egoerari, premiei, bakardade-sentimenduari, haientzako dauden jarduera eta baliabideei eta abarri buruz SENTSIBILIZATZEA du helburu.

Guretzat ere garrantzitsua da Caritasen parte sentitzea eta gure lana Abando-Albiako beste proiektu batzuekin eta Bizkaiko beste auzo eta herri batzuetan gurearen antzeko lana egiten duten taldeekin partekatzea.

Boluntariotza giltzarri:

Egiaztatu dugunez, boluntarioek beren gizarte-konpromisotik eta doakotasunetik egiten duten zeregin hori, adinekoentzat ez ezik, boluntarioentzat ere ona da. Zenbat aldiz entzun dugu esaldi hau: “ni ematera etorri nintzen, baina jaso ere asko jasotzen dut”!