Harrera eta oinarrizko beharrizanak artatzea

Gure apustua

Erreferentziazko eremu izatea, zailtasun egoeran dauden pertsonei laguntza eta babesa emateko. Artatzen ditugun pertsonek egoera horri aurre egitea da gure helburua, edo, behintzat, egoera hobetzeko prozesuak abian jartzea. Helburu zehatzak:

  • Bizitza duina edukitzeko beharrezko baliabideak lortzea (ekonomikoak, etxebizitza, lana…)
  • Oinarrizko gizarte eskubideak egikaritzea (informazioa eta orientazioa eman eskuragarri dauden aukera, baliabide eta zerbitzuen inguruan)
  • Gizarteratze-prozesuak hastea.

Gure aukera: oinarrizko beharrizanak estaltzeko laguntza ematea, eta pertsonen parte-hartzea, erantzukidetasuna, autonomia eta sustapenera bideratutako prozesuak hastea

Esku-hartze arloak

Harrera integrala 

Caritas Bizkaiarekin kontaktua izaten hasteko modua da, Bizkaian finkatuta eta babesgabetasun egoeran dauden pertsonentzat. Zailtasun egoeran dauden pertsona eta familientzako babesa, bide-laguntza eta orientazioa ematen dira.

Harrera lan hori beren inguruko arazoekin sentsibilizatuta dauden eta konpromisoa hartu duten boluntarioek egiten dute.

Eskaintzen dena:

  • Caritas Bizkaiaren baliabide propioei eta ingurukoei buruzko informazioa eta orientazioa ematea. Eskubide sozialak eskuratzeko laguntza.
  • Elkartzeko eta elkarri entzuteko eremua (harremanak bideratzea).
  • Egoera zehatzetan babesa eta laguntza emateko espazioa. Beste erakunde eta elkarte batzuekin koordinatzen gara, ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko.

Oinarrizko beharrizanak artatzea

Laguntza motaren bat eskatzen duten pertsonen harrera Caritas Bizkaiaren lurralde mailako sare zabalaren bidez egiten da. Lehenengo harrera horretan, beren inguruarekin konpromisoa hartu duten boluntarioak daude.

Pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko asmoz, oinarrizko beharrizanei ematen zaie arreta, hala nola elikadura, horniduren ordainketa, alokairuak, garraioa, osasuna edo haurren eskolatzea, beste batzuen artean. Sarritan, bide-laguntza prozesuak hasteko, pertsona eta familiek bizimodu duina hasteko baliabide ekonomikoak izan behar dituzte.

Elkarri entzuteko espazioak

Norbaitek entzuten gaituela sentitzeak duintasuna eta babesa ematen dizkigu. Eta onura askoz handiagoa da entzuten gaituenak enpatiatik eta aurreiritzirik gabe egiten badu. Horixe da Caritasen espazio horretan eskaintzen duguna, beste erantzun bat gehiago pertsonei bideratutako bide-laguntza integralaren barruan.

Boluntarioak dira entzuten dutenak, horretarako prestatuta baitaude. Bakoitzak dakarren motxila emozionala arintzeko modu bat da. Partekatu eta barrua hustutzea oso lagungarria da zauri emozionalak sendatzen hasteko.