Otras acciones

33 IREKITA Gonbidapena

Zainketarako une bat

 

Deskargatu hemen dinamika

Samariar onaren parabola. Lk 10, 25-37

 Lege-maisu batek jagi et azpikeriaz itaundu eutson Jesusi: «Maisu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizitza jasotzeko?».

 Jesusek esan eutson: «Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurtzen dozu?». Harek erantzun: «Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua lez». Jesusek erantzun eutson: «Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizitza izango dozu». Baina, lege-maisuak, itauna bidezkoa zala adierazo nahirik, esan eutson Jesusi: «Eta nor da nire lagun hurkoa?» Jesusek orduan: «Behin baten, bajoian gizon bat Jerusalemdik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan jausi zan. Lapurrek, eukazanak kendu eta, egurtu ostean, alde egin eben, erdi hilda itziz. Hatan be, abade bat gertatu zan bide haretan behera eta, gizona ikusi ebanean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Beste horrenbeste egin eban handik igaro zan tenpluko levitar batek be: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Baina bidaian zan samariar bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. Hurreratu eta zauriak lotu eutsozan, olioz eta ardaoz igurtzi ostean; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. Biharamonean, zidarrezko txanpon bi atara eta ostalariari emon eutsozan, esanez: “Jagon egizu, eta gehiago gastatzen badozu, hurrengoan natorrenean orrdainduko deutsut”. Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren eskuetan jausitako gizonarekin?». Lege-maisuak erantzun eutson: «Haretaz errukitu zanak». Jesusek esan eutson, orduan: «Zoaz eta egin zeuk be beste horrenbeste».

Jardunbidea:

Sarrerako eskaera: Jesus, hobeto ulertu daidazala zure irakaspenak eta zure arrastoen atzetik joateko adorea izan daidala.

Bakarka eta taldean lantzeko:

 2013ko maiatzean, Juanjo Garra mendizale katalanak istripua jasan eban 8.000 metrotara egoala, Himalaian dagoan eta planetako zazpigarren mendirik altuena dan Dhaulagiri menditik jaisten ari zanean. Orkatila eta peronea hautsi ebazan. Sherpak eta kordadako kideak Juanjo istripuaren lekuan iztea erabagi eben, oinarrizko kanpamendura laguntza eskatzera jatsi eta ahalik eta bizkorren bueltatzeko.

Hala et guztiz ere, bidearen erdi aldera, 3. Kanpamentura inguratzean eta jaitsiera betean, Keshab sherpak bere kabuz erabagi eban buelta emotea eta gauaren erdian Garrarengana itzultzea inori abisatu barik; lepoan hartu eta jaisteko gauza zala uste eban. Zauritutako laguna istripuaren lekuan iztean, bertan behera, abandonatuta itzi ebela sentitu eban eta hori onartezina iruditu jakon. Ordu askoko igoeraren ostean harengana iritsi zan. Ze zirrara eragingo ete eutsan Juanjori lagunaren itzulerak? Irudikatu ete geinke zelako topaketa izan zan? Keshab laguna lepoan hartzen saiatu zan, baina ezin eban. 8.000 metrotara, dana bihurtzen da oso korapilatsu eta arriskutsu. Eta Juanjogaz geratu zan egin eikean gauza bakarra eginez: besarkatu eta laguna berotu hotzaren erdian. Besarkatu eta adore emon, bere arnasaren bidez bizi apur bat emonez. 

Holan iraun eban hiru egunez eta hiru gauez, itxaropenari eutsiz. Eta jarrera horretan iraun eben, gorputza gorputzaren kontra, laguntza iritsi zan arte; berandu iritsi zan laguntza, Juanjo azkenetan egoalako. Bere aldetik, sherpa eskuzabalak hainbat zauri jasan eban luzaro egon zalako baldintza negargarri hareetan.

Hori da kontaketa. Egunkarietan, zera esan zan: “Garrak Keshab sherparen laguntza izan dau azken arnasa emon arte”.

Galderak gogoeta egiteko eta bakarka edo taldean lantzeko:

  • Zerk bultzazen dau Keshab sherpa zaurituta dagoan lagunarengana bueltatzera eta hari lagun egitera?
  • Ze egoeratan da beharrezkoa alkarri adore emotea?
  • Zer da zaintzea? Ze zerikusi dau kontaketa honek zaintzeagaz?
Otoitza:

 Aintza eta gorespen zuri

nire bizitzako egun guztietan.

Handitu nire eskuzabaltasun-sena.

Emoidazu bihotz-zabala

nire askatsun osoa eta daukadan guztia

Zeuri eskaini ahal izateko,

nitaz baliatu zaitezan

zeure nahierara,

eta maitasunezko zerbitzu senez jokatuz,

zeure borondate santua egitera bultzatu naizun.

 

Abestia:  

https://youtu.be/gLz3l1eu_dg

Boga!: “… niregan uste osoa izan, niregan uste osoa izan, salbuespen barik.”